Banakako kexen ebazpena, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da azaltzen diren kasu konkretuak argitzeko. Hala ere, batzuetan ikusten da auzia kasu partikularraz harago doala eta modu orokorrean hel dakiokeela, herritar ugariri edo, modu estrukturalean, administrazioen jardunari eragin diezaiokeelako.
Zenbaitetan, arau aldetik hutsuneak daudela sumatzen da, edo aldatu egin behar direla lehendik dauden arauak, bidegabekeriazko egoerarik ez gertatzeko edo eskubideak hobeto bermatuko dituzten arauak lortzeko.
Halako kasuetan, Arartekoak gomendio orokorrak egiten ditu, administrazio bati edo hainbati begira.
2016. urtean, 3 gomendio orokor egin dira, beste hainbeste gairen inguruan. Gomendio horiek osorik gure web gunean aurki daitezke (http://www.ararteko.eus).
1.1.Arartekoaren 1/2016 Gomendio orokorra, urtarrilaren 26koa.
Euskadiko energia-pobreziari buruzko gizarte-eztabaidarako oinarriak.
XXI. mendean murgilduta bagaude ere, Euskadin jende askok oraindik benetako arazoak dauzka hilabete hotzetan bere etxean tenperatura egokia mantentzeko. 2014. urtean, 235.000 pertsonak baino gehiagok izan dute arazo hori, nahiz eta 2008an ez ziren 90.000ra iristen. Fenomeno horri energia-pobrezia deritzo. Baliabide ekonomiko nahikoak ez izateak sortzen du, baina baita ere etxebizitzaren baldintza objektibo txarrek edo energia-baliabideen gehiegizko prezioak.
Euskadin energia-pobrezia ezagutu eta prebenitu dadin sustatzeko, Arartekoak gomendio orokor bat egin zuen. Bertan, zenbait proposamen egin genizkien euskal administrazioei, orain dauden politika publikoei eta gizarte-ekimenei lagun diezaieten, fenomeno horrek gure erkidegoko milaka herritarrengan dituen ondorioak gutxitzeko eta arintzeko.
Energia-baliabideen eskasia ez dago lotuta pertsonen egoera ekonomikoarekin bakarrik. Energiaren beharra estu lotuta dago etxebizitzen baldintza objektiboekin (etxebizitza mota, bere materialak, isolamendua edo aurrezpena eta energia-eragingarritasuna lortzeko neurriak). Energia-zerbitzuez hornitzeko merkatuaren baldintzekin ere lotuta dago (zerbitzuaren kostuak edo energia-iturriak eskuratzeko sistema zentralizatua edo deszentralizatua den). Horrela, energia-pobreziak ez die eragiten errentarik txikieneko pertsonei soilik, baizik eta gehiegizko energia-gastua egiteko arriskuan dauden beste talde batzuetara ere heda ditzake bere ondorioak. Arrisku hori eraikuntza-baldintza txarrek edo energiaren gehiegizko kostuak eragiten dute.
Erkidegoko araudiak agintzen die botere publikoei energia-pobrezia prebenitzeko eta horren ondorioak arintzeko estrategia bat presta dezatela. Estrategia horretan aintzat hartu behar dira orain arte gai horretaz egindako arauetan ezarri diren printzipioak eta zerbitzu publikoa egiteko betebeharrak.
Gizarte-bazterketa modu hori desagerrarazteko neurri publiko edo itunduetan, honako arlo hauek hartu behar dira kontuan:
1. Energia-sektorearen eta kontsumitzaile ahulenen erregulazio-eremua.
1.1. Euskadin energia-pobreziaren kontra borrokatzeko plan bat ezartzea.
1.2. Energia-pobrezia pairatzeko arriskuan dauden energia-kontsumitzaileak definitzea.
2. Energia-kontsumitzaile ahulenak babesteko neurriak.
2.1. Talderik ahulenei energia-hornidura bermatzea.
2.2. Informazio egokia jasotzeko eskubidea, energia- kontsumitzaile ahulenaren ikuspegitik.
3. Energia-pobreziak eragindako etxe eta eraikinetan energia-eragingarritasuna hobetzeko neurriak.
3.1. Energia-ikuskapenak bezerorik ahulenentzat.
3.2. Babes publikoko etxebizitza multzoaren energia- eragingarritasuna aztertzea.
3.3. Energia berriztatzeko laguntzak talderik ahulenentzat.
4. Energia-pobreziaren ondorioak arintzeko gizarte-neurriak.
4.1. Gizarte larrialdietako laguntzak, energia-pobreziak eragindako etxeetan energia eragingarria izan dadin.
4.2. Laguntzak energia-aurrezpenarekin uztartzea.
1.2.Arartekoaren 2/2016 Gomendio orokorra, otsailaren 16koa.
Eskola kirolean hasi aurreko adinetan kirol jarduera hezkuntza-balioetan oinarritu beharra, eta ez lehiakortasunean.
Zenbait bide erabiliz (norbanakoen kexak, gizarte- eta hezkuntza-erakundeekin egindako bilerak, adituekin egiaztatzea…), kezka adierazi diote Arartekoari klub edota entrenatzaile batzuek duten portaeragatik eta jarreragatik, eskola-kirolaren aurreko adinetan neska-mutilek egiten duten kirolaren esparruan.
Zehazki, entrenamenduetan eta partidetan, protagonismoa ematen zaie adingabe batzuei beste batzuen kaltetan, lehia-errendimendu handiagoa edo apalagoa izateko irizpidea aintzat hartuta.
Arartekoak badaki klub eta entrenatzaile gehienek erabat egoki burutzen dutela neska-mutilen eta nerabeen kirol-jarduera zuzentzeko eginkizuna. Hala ere, hori beti hala izango dela ziurtatzeko, komenigarria iruditu zaio tokiko administrazioei gomendio orokor bat egitea, gogoraraziz beraien herriko kirol-klubei laguntzak emango bazaizkie, haiek arlo horretako legezko xedapenak bete behar dituztela.
Horretarako, gure erkidegoko 12 udalerrik osatutako lagin baten informazioa bildu zen. Udalerri horiek ez dira aukeratu berorietan horrelako arazoak antzeman direlako, baizik eta, gure ustez, adierazgarriak izan daitezkeelako, kontuan hartuta lurralde-banaketa, biztanleria eta egindako kirol-jarduera.
Udalerri horiek denak ados egon ziren erakunde honek azaldutako arrazoibidearekin. Gainera, horietako batzuek egiaztatu zuten oso zaila dela horrelako portaerei kasu askotan banakakoak heltzea. Prest daude gai horretaz hausnartzeko, horrelako portaera desegokiak eragozteko bideak bilatzeko eta, gertatzen badira, horiek antzemateko eta esku hartzeko bideak jartzeko.
6/2011 Gomendio orokorrean (Haurrek eta nerabeek egindako kirola, une oro eta edozein testuingurutan, hezkuntza parametroen arabera garatzen dela bermatzearen egokitasuna) Arartekoak jada adierazi zuen zer irizpidek nagusitu behar duten neska-mutilak kirol bat egiten hasten direnean.
EAEko kirola erregulatzen duen araudian ere agertzen da orientabide hori, eta emaitzen eta lehiakortasunaren gainetik lehenesten da.
Kirolaren Euskal Planak (2003-2007) honako hau zehazten du eskola-kirolaren helburu nagusitzat: “aukera eman behar dio haur kirolariari hezkuntza garapena osatzeko”.
Bestalde, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko legeak hauxe ezartzen du: “Haurrek eta nerabeek eskubidea dute kirolak eta jarduera fisikoak egiteko, eta saihestu egin behar da jarduera horietan lehiakortasuna lehenbiziko baliotzat sustatzea”.
Horregatik, gomendio honen bitartez, Arartekoak Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eskatzen die beraien udalerrietan neska-mutilentzat antolatzen dituzten kirol jardueretan, batez ere eskola-kirolaren programan sartutakoen aurreko adinetan, hezkuntza eta partaidetza irizpideetan oinarritu daitezela, eta ez lehiakortasun irizpideetan, eta, beharrezkoa bada, hori betetzeko baldintzapean jar dezatela udaletik jasotzen duten laguntza, bai instalazioak uzteko orduan, bai diru-laguntzak emateko edo sustatzeko orduan.
1.3.Arartekoaren 3/2016 Gomendio orokorra, otsailaren 25ekoa.
Babestutako etxebizitza eskatzaileen erregistroko bajak norbanakoari jakinarazteko beharra, etxebizitza duina edukitzeko eta gizarte bazterketarako arriskua saihesteari begirako prestazio ekonomikoetarako eskubide subjektiboan duen eraginagatik.
Etxebizitza behar duten pertsonei, oro har, Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroan izena emanda egotea eskatzen zaie, alokairuko programa publikoetan sartuta dauden etxebizitza babestuak edo etxebizitza libreak eskuratu ahal izateko.
Azken urteotan, Ararteko erakundeak zenbait alditan adierazi du Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroaren jarduera hobetu behar dela, zehazki, izen-emateen ukapenak eta erregistroan baja emateko ebazpenak egiteko modua.
Herritarrek kexa asko azaldu dizkigute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako bermeekin banan-banako jakinarazpenik egin ez delako. Kexa horiek gure urteko txostenetan aipatu ditugu, hurrenez hurren.
Gaur egun, elkarrekin uztartuta daude bi eskubide subjektibo: etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) jasotzeko eskubidea (Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emanda). Hori dela eta, Arartekoak gomendio orokor hau egin du, bizilekurik gabe edota gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei eta familiei oinarrizko bi eskubide horietako edozein gauzatzea bidegabeki mugatu ez dakien.
Horregatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari eskatzen zaio:
- Banan-banan jakinaraz daitezela Etxebizitza Babestuaren eta Zuzkidura Bizitokiaren Eskatzaileen Erregistroan egiten diren inskripzio-ukapenak eta baja-ebazpenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera.
- EPOa edo beste edozein diru-laguntza etetea erabaki eta, jarraian, oker jasotako prestazioak itzultzeko prozedurak hasi baino lehen, Lanbidek egiazta dezala ea behar bezala jakinarazi diren Etxebizitza Babestuaren eta Zuzkidura Bizitokiaren Eskatzaileen Erregistroko baja-ebazpenak.